EU | ES

Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa eus

Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa eus

«Ni lamina bat naiz. Xixili izenaz ezagutzen naute antzinatik euskaldunek, nahiz eta beste izen asko izan ditudan betidanik. Munduko bazter askotan egon naiz, eta asko maite ditut zabalera handiko ur distiratsuak. Baita ur sakonean gordetako toki ezkutu guztiak ere. Ia ahaztuak ditut, ordea, hain da luzea nire bizitza.».

Narrazio lirain honetan, Bermeon Xixili izenaz ezagutzen den laminaren istorio asmatua daukagu, pertsonaia mitologiko horren ur azpiko erresuman murgilduko gaituelarik. Hegatsa galdu eta gizaki bihurturik, Xixili arrantzale gazte batez maiteminduko da. Baina liburu honek ez du istorio klasikoaren amaierarik izango.

Sinopsia

Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa

Ipuin erromantiko honek Bermeoko lamina mitologikoa du protagonista, eta, lehen pertsonan, bere arrain-buztana eta sirena izaera galdu zitueneko istorioa kontatuko digu. Itsasotik kanpo, maitasun istorio ederra biziko du arrantzale gazte batekin, giza ohituretara egokitzen saiatuko den bitartean.

Egileak sentsibilitate bereziz birsortzen eta gogorarazten du euskal mitologiaren eta mitologia unibertsalaren kontakizun klasiko bat, denbora-ingurune zehaztugabe batean eta fantastikoaren eta errealaren arteko espazio batean, protagonistak ustekabeko aukera bat hartzera eramango duen garapen pertsonal bat bizi duen bitartean.

«Leire Lekuonak "Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa" izenburuko narrazio hau idazterakoan erromantizismo garaiko idazle askok egin zutena berritu duela ematen du: literatura tradizionalean oinarrituta, bertan aurkitzen diren zenbait elementu hartu eta horiekin itxura berriko leienda moduko bat sortu du. Narrazioaren protagonista Xixili lamina da. Pertsonaia honez gain, beste elementu fantastiko eta mitologiko batzuk topatzen ditugu, Leviatan edota Ortzi ere aipatzen baitira narrazioan. Argumentua garatzerakoan, fantasiatik jasotako halako osagaiak gizakien munduan eragiten ikusten ditugu, laminak, adibidez, gizakien artean bizi beharko baitu. Eta leiendetan gertatu ohi den bezala, gertakarien kokapena nahiko zehaztugabea da, zeharka behintzat noiz eta non kokatzen den iradokitzen zaigun arren. Edonola ere, formaren aldetik bederen, ez gaude narrazio tradizional baten aurrean, idazlan honetan narratzailearen tratamenduan leiendekin konparatuta berrikuntza ikusgarria dago-eta. Narrazio honetan lamina bera da istorioa kontatzen duena, lehenengo pertsona erabiliz. Eta narrazioa burutzen duelarik, behin eta berriro «zu» bati hitz egiten dio, bere narrazioa inoiz entzuterik izango ez duen «zu» bati hain zuzen ere. Hauxe da narrazioak teknikaren aldetik eskaintzen duen bitxitasunik ikusgarriena. Argumentuaren aldetik, leiendetan ohikoak diren bideetatik jotzen du, eta bide horietatik abiatuta laminaren inguruan maitasun erromantikozko istorio bat harilkatzen da. Eta gehiegi sakontzen ez bada ere, oroimenaren eta identitatearen artean dagoen harremana ere aipatzen da. Izan ere, mitologiak harrobi agortezina dirudi istorioak asmatzeko».
«Zorionak Leireri. Kontaketa ederra, euskara ona eta edizioa bera ere itzel gustatu zait».